EIDER SANCHEZEK ETA ANE ARTETXEK IRABAZI DUTE 100 HITZ LITERATURA LEHIAKETA

100 Hitz literatura lehiaketako epaimahaikideek, Iratxe Retolazak eta Xabier Etxanizek, erabaki dute Eider Sanchez eta Ane Artetxe direla 2014 urteko irabazleak. 100_Literatura_logoa_011. saria Eider Sanchezek aurkeztutako “GURE ARTEKO LEIHOA” lanak irabazi du, honako arrazoi hauengatik:

Testua oso ondo idatzita dago. Egileak oso modu ederrean asmatu du hitza ispilu baten bestaldeko irudiari ematen eta tentsio narratiboa bukaeraraino eramatea lortu du. Gainera, bikain biribildu du istorioa, oso modu originalean.

Hemen dugu irabazlearen testua:

GURE ARTEKO LEIHOA

Ni naiz. Ezagutzen nauzu, baina ez duzu inoiz nigan pentsatzen. Egunero ikusten nauzu, baina ez dakizu zergatik nagoen hor. Zure ahizpa naiz. Leihoaren atzekoa. Berdin-berdinak gara. Berdin pentsatzen eta jokatzen dugu, leihoaren atzean arauak daudelako. Zuk besoa luzatzean, nik berdina egiten dut. Horregatik ez duzu nigan sinesten. Horregatik uste duzu, ni zu naizela, eta gure artean pareta bat dagoela. Inoiz ez duzu imajinatu ukitzen duzuna ni naizenik. Baina arau garrantzitsuena, inolaz ere leihoa ez zeharkatzea da. Hala ere, arau-hausteak existitzen dira. Irtetea amesten dut, eta gure arteko leihoa gurutzatzea. Zuk ispilu deitzen duzun leihoa gurutzatu nahi dut.

Eiderrek 100 euroko bonoa irabazi du, Intxaurrondoko edozein dendatan erosteko, baita Gaztezulo aldizkariaren urteko harpidetza ere.

2. saria Ane Artetxek irabazi du, “ALA HANDIA DA” izeneko idazlanarekin. Epaimahaikideen ustez:

Testu hau ere oso ondo idatzita dago. Egileak ondo ehundu du testua eta xehetasunei garrantzia eman die. Gainera, asmatu du gaiaren tratamenduan. Izan ere, Afrikako umeen bizimoduaren gaiak errazegia zuen errukitasunerako bidea, eta egileak jakin du hortik ihes egiten.

Hemen dugu bigarrenaren lana:

ALA HANDIA DA

Gogogabetuta ikusten ditut denak, triste. Nire aurretik, gutxienez, 100 pertsona izango ditut, eta atzetik 1000 baino gehiago, seguru. Munduan goserik ez balego… jaten duguna ez da asko, baina eskertzekoa da. Gaur ere arroza. Arreba txikiari emango diot erdia, amak nahikoa lan dauka jaioberriarekin.

Ez dakit eskolara garaiz iritsiko naizen, bidea bost kilometrokoa baita, eta arriskutsua. Gaur zenbakiak desberdintzen ikasi dugu, Abdulai maisua oso jatorra da, basokada bat esne ematen digu eta gaur boligrafo gorria utzi dit.

Kanpalekuan denak lo daude. Izarrak oso argi ikusten dira gaur ere. Biharkoak, bihar. Ala handia da. Nola biziko dira han urrunean?

Anek 80 euroko bonoa eta Gaztezulo aldizkariaren urteko harpidetza irabazi ditu.

Ekainaren 7an, 17:00etan, jasoko dute saria, Intxaurrondo Kultur Etxean, Izarrak Plazara talentu lehiaketaren finalaren barruan.

Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordeak eta Donostia Kulturak bigarren urtez jarraian antolatu dute 100 Hitz literatura lehiaketa. Bertan, 18 urtetik beherako ikasleek har dezakete parte, eta, baldintza bakarra, 100 hitz dituen testua idaztea da. Aurtengoan, guztira, 66 lan aurkeztu dira.

Lehiaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak, Bagera Donostiako Euskaldunon Elkarteak, Irutxuloko Hitzak eta Gaztezulo aldizkariak lagunduta antolatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*