Aniztasunari buruzko ekintzak antolatzeko deia Intxaurrondon

Aniztasuna eta elkarbizitzari buruzko erakusketa eta ekitaldiak egiteko asmoa dugu urrian Intxaurrondon, eta bertan parte hartzeko gonbidapena duzu idazki hau.

Azken 60 urteetan, 780 biztanle izatetik, 20.000 inguru izatera pasatu gara. Lautik bi Donostiatik kanpo jaiotakoak, eta horietako bat Euskal Herritik kanpokoa. Euskal hiztunak %90 inguru izatetik, %37,5 izatera pasatu gara. Datu horiek ikusita, zerbait egin beharra sumatu dugu. Euskararen erabilera sustatu nahi duen elkartea gara, eta hori lortzeko desberdinen arteko elkar ezagutza eta begirunea sustatu behar dugulakoan gaude.

Intxaurrondo auzoa. Iturria: Google

Intxaurrondo auzoa. Iturria: Google

Gehienok auzora etxe bila etorritakoak izanik, hori hartu dugu erakusketaren gaitzat. Jatorri anitzekoak gara, eta Intxaurrondo da gure etxea, hobe dezagun. Horretarako, garrantzitsu deritzogu auzoko elkarteen artean sarea osatzeari, elkarrekin eragiteko. Hain zuzen ere, hori izango da erakusketaren bigarren ardatza.

Era berean, erakusketaren inguruan hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dugu: kontzertuak, atzerriko eta bertako hizkuntza eta sukaldaritza tailerrak, kirol txapelketak, mahai-inguruak, bideo-emanaldiak…

Zure ekarpena, erakusketa antolatzen laguntzea izan daiteke: bertan zein kanpoan jaiotakoen testigantzak bildu; elkarte bateko kidea bazara, egokien deritzozuen ekintza antola dezakezue bertan edo inguruan, zuen jarduerari buruzko informazio emango duen panela jarri erakusketan, auzoari buruz duzuen iritzia eta jasotako esperientzia azaldu, hobetzeko proposamenak egin,… Bestelako ekarpenik baduzu, asko eskertuko dizugu. Agian, ezagutzen duzu beste nonbaiten egin den eta baliagarria izan daitekeen zerbait.

Ahal dela, irailaren 8rako jaso nahiko genuke proposamena, Kultur etxeak bere programan sartzeko. Beranduago bada ere, saiatuko gara egitasmoan txertatzen. Horretarako, mezua bidali helbide honetara edo deitu beherago duzun telefono zenbakira.

Era berean, gonbidatuta zaude irailaren 3an, 19:00etan, Bernart Etxepare plazan dugun bulegoan, auzoko beste eragile batzuekin batera, egingo dugun bilerara.

Ahal duzun neurrian, egitasmo honen berri zabaldu inguruan.

Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*