gu euskAHALdunak gara

(Beherago dugun testua, 19. Korrikarako AEK-k ateratako bideoaren transkripzioa da. Bertako irudiak hartu, eta aukeratutako pasarte batzuk ere gehitu ditugu. Dokumentala ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=PSu9lQtfwAY )

Korrika19_B3GU EUSKAHALDUNAK GARA

Jo dezagun sustraira: Korrika. Zer da denok hainbeste liluratzen eta emozionatzen gaituena? Arrazionalki azaldu ezin den zerbait du burugogorkeria eder honek, euskarazko munduarentzat erreferentziazko indargune honek. Baina poesia eta definizioetan sartu aurretik, ekar dezagun gogora zer sentiarazten digun Korrikak norbere herrira heltzen denean.

Bezperako dardarak, adibidez, edo eguneko kilimak, herrian inuzentzia moduko burbuila bat instalatzen da. Umeak, petoak, poztasuna, kitzikapen orokorra… eta bat-batean, hara! Norbaitek zerbait entzun du. Hanka-puntetan jartzen gara, hodeiertza arakatzen, saltoka… Bostekoak, eskuak igurtzi, besarkadak… Munduak arreta jartzen du puntu horretan eta, orduan, bai, Korrika badator! Han agertzen da bere burrunba eta zarata, bere furgoneta eta bozgorailuak, betiko kantak, eta jendea batu eta batu, demaseko zoro-haize horrekin. Eta hurbildu ahala jende gehiago eta gehiago, eta orduan, onar dezagun, emozioak barrena zukutzen digu. Eztarrian gora korapilo bat sentitzen dugu. Begi-ertza umeldu egiten da. Eta geure burua irrika eta saltoka harrapatzen dugu. Euskal Herriko herri guztiak mezu ezkutu batekin igarotzen dituen olatu koloretsu honi batu eta korrika hasteko prest.

Emozio hori, ederra eta handia den zerbaiten parte sentitze hori, indar hori da, funtsean, sinbolikoki aurtengo Korrika 19k indargune bilakatu gura duena. Enpoderamendurako deia: nahi izatetik ahal izatera pasa. Euskaldunok geure ahulguneez eta ahalguneez jabetu ostean, jabekuntza horretatik, egoeran eragitera pasa behar dugu, egoera eraldatzera. Horra, bada, mezua: euskaldunok EUSKAHALDUN bilakatu behar dugu.

Honetan guztian apur bat sakontzeko, geure ahulgune eta indarguneak hobeto aztertzeko, euskarazko munduan erreferentziazkoak zaizkigun 19 lagun eragileren parte-hartzea izango dugu. Korrika 19 honetarako 19 euskahaldun, nahi baduzue. Ikus dezagun nortzuk diren eta zer dioten.

BIZIPENAK

Porrotx: Familia euskaldun batean jaio nintzen, baina txikitatik, nire ikasketak, aisialdia, kirola, lagunartea gaztelaniaz bizi izan nituen. Eta erabaki nuen euskaldun bizi nahi nuela Euskal Herrian eta munduan. Eta euskara ikasten hasi nintzen.

Martxelo Otamendi: Baina erdaraz hitz egiten genuen beti gure artean, eta etorri zen ikaskide bat, Amezketakoa, eta esan zigun: “Ez al dizue lotsarik ematen beti erdaraz jardutea? Beti erdaraz ari zarete!”. 1974-75 ikasturtean izan zen. Eta nik mina hartu nuen, min sano bat, hori esan zidanean “ez al dizue lotsarik ematen beti erdaraz jardutea zuen artean, denak euskaldunak izanda?”, eta orduan neure buruari esan nion: “Honek niri ez dit berriro hori esango”.

Iñaki Mtz. De Luna: Hamabi bat urte nituela, udaleku batzuetara joan nintzen Katalunia aldera, eta han katalanak zeuden gehienbat. Niri katalanez egiten zidaten eta normalean ulertzen nien, eta jarraitu egiten nuen. Baina behin ez nuen ulertu, eta esan zidaten: “Ah, pero no eres catalán?”, eta nik erantzun, “ba ez, ni euskalduna naiz”. “Ah, entonces, hablarás vascuence, no?”, eta aitortu behar izan nuen ezetz, ez nekiela euskaraz. Eta jarraitu zuten haiek, “bueno, baina zer edo zer jakingo duzu…”, eta nik, amore eman nahi gabe, “bueno, zerbait, zerbait…”, “bada, bota zerbait!”, eta esan nuen: “Txakurrak kanpora!”. Eta horrek markatu ninduen. Hori izan zen niretzat errealitate hori gordinean ikusteko aukera paregabea.

Marimotots: Nire kasuan, gurasoak Caceresetik etorri ziren Lasartera. Anai-arrebak bertan jaio ginen baina eskola eta ikasketak beti erdaraz egin izan ditugu. Nik ez dut inoiz izan harremanik euskararekin. Inbidia sortzen zidan euskaldunen artean euskaraz egiteak: nik ez nuen ezer ulertzen. Eta klabea izan zen, behin, lagun euskaldun batekin kalean nengoela, pertsona batek zerbait galdetu zidan euskaraz, eta ez nuen ezer ulertu, eta lagunak erantzun zion. Aste berean berriro gertatu zitzaidan gauza bera: beste pertsona bat zuzendu zitzaidan euskaraz, eta lagun berak lagundu zidan. Orduan, kristoren lotsa sentitu nuen eta egun horretan erabaki nuen, behintzat, euskaltegira joan behar nuela ulermen maila minimo bat lortzeko, hori ez gertatzeko.

Maite Unda: Ni betidanik izan naiz euskalduna. Nire hizkuntza etxean beti izan da euskara, ikastolan ere bai. Baina lagun ezberdinak ezagutzen dituzunean, konturatzen zara ez zarela besteak bezalakoa, eta guretzat erdara ikastea dela beste batzuentzat euskara ikastea bezalakoa.

Katixa Agirre: Nire kasuan, hasieratik konturatu nintzen euskara babestu beharreko eta ahalegin berezia behar zuen zerbait zela. Horren harira badut anekdota bat: eskolaurrean hasi nintzenean, hiru urte ere ez nituela, gelara iritsi eta irakasleari galdetu niola, “que dice mi aita que cuándo me vais a enseñar euskera”. Nik argi neukan euskara ikastera nindoala hara, euskarari bultzada hori ematera.

Amets Arzallus: batez ere norbere herrian norbera hain zokoratua edo baztertua edo isilarazia dagoela ohartzean, uste dut kontzientzia esnatzen eta oldartzen hasten dela. Adibidez, Hendaian lehen hitza euskaraz eman, eta gazteleraz erantzuten didate oraindik ere, fabore bat egiten ariko balira bezala, eta horrek beti amorratu eta haserretu egin izan nau. Oraindik ere nire herrian bertako hizkuntza erabiltzen dudanean, etorkin bati bezala begiratzen didatela sentitzen dut. Eta amorru puntu horrek laguntzen du, kontzientzia esnatzen ez ezik, esnaera nahiko petrala eta horrelako indar bat ateratzen barrutik. Halako gertaerak, zoritxarrez, etengabeak dira oraindik.

Dioni Agerre: esperientzia bat aipatzekotan, aipatuko nuke rugbyan bizi izan dudan esperientzia bat, nire kirol maitean: talde txiki bat ginen hastapenean, hiruzpalau edo bospasei momentu baten buruan, eta 20-30eko talde bat hunkitu genuen. Eta ez genituen denak euskaldun bilakatu, hortik urrun, ez baitziren horretan. Baina piztu genien zerbait eta normala bilakarazi genuen talde osoan euskara entzutea eta praktikatzea.

Mursego: Oso gogoan daukat, Anarirekin jotzen geundela, Santanderren edo Euska Herritik kanpo, behintzat, amerikar batzuek esaten zigutela eurak kontzertu askotara joaten zirela, eta asko preziatzen zutela edozein herritatik etorritako taldeek euren hizkuntzan egitea musika. Zeren azkenean, egiten baduzu musika eta denek kantatzen badute ingelesez, eta musika azkenean nahiko antzekoa bada, dena nahiko antzekoa gertatzen dela. Baina bakoitzak egiten badu bere hizkuntzan, horrek ematen ziola plus hori.

Eñaut Elorrieta: Kataluniara noanean kantatzera, aurkezpen guztiak katalanez egiten ditut eta, gainera, baneuzkan oso landuta, ahoskera, azentua… katalanez ondo abesteko, bidaia guztia joan nintzen hori lantzen eta han geundela, hasi nintzen katalanez kantatzen, eta publikoa hasi zen: “En euskera, en euskera!”. Kantu erdian katalanetik euskarara salto egin eta konturatu nintzen horren atzean zegoenaz: eurek nahi gaituzte garen bezalakoak, eta euskaraz.

Iñaki Perurena: Harria munduko kultura guztiek erabili dute, baina erabilera hori nolakoa izan den ikusteko balio digu: horrek esaten digu gure nortasuna nolakoa den edo nolakoa izan den.

Anaje Narbaiza: Duda barik, Elay-koa, oso ondo ezagutzen dudalako, iraupen handiko proiektua izan delako, lortu delako 25 urtean, poliki-poliki, ikasten duen jendea erabat integratzea, eta dakigunok eurekin bat egitea. Prozesu horiek batera egin dira: horrek eman dio proiektu kolektiboaren zentzua. Horrek denoi eman digu indarra, bai ikasten ari zarenei, bai bagenekionei. Eta denon artean egin duguna da gure lanpostuak euskalduntzea.

Iraia Iturregi: Arerioekiko eta arbitroekiko abantaila delako. Adibidez, nik zerbait esan behar badiot taldekide bati arbitroari buruz, arerioari buruz edo jokaldi bati buruz, ez du ulertuko, eta nik uste dut abantaila dela.

Jose Anjel Iribar: Ikastetxe batean euskarazko kantuen emanaldia antolatu nahi zuten. Nire aitak, hori entzun eta gero, hara bidali ninduen nolabaiteko elkartasuna erakutsi nahian. Gainera, oso egun ospetsua izan zen: hainbesteko poza hartu zuen zuzendariak keinu horregatik, arratsaldean txango bat antolatu zuen. Han bazen halako zelai txiki bat, eta antolatu genuen futbol-partida bat, eta han jokatu nuen lehen aldiz talde erdi antolatu batean atezain gisa. Ordutik aurrera, La Salleko atezain titularra izan nintzen, ez dakit entxufeagatik edo ondo jokatzen nuelako.

Aiora Zulaika “Pirritx”: Gure lanbideak, afizioa ofizio eta bizimodu bihurtuta, umoretik, etab. Euskahuldun sentitzetik, euskahaldun sentitzera eraman gaitu, bai gu eta baita gure ingurua, gure zaleak eta lagunak ere.

AHULGUNEAK

01_Paxkal Indo_01Paxkal Indo: Nik ez dut uste ahul garenik edo ahultasunik dugunik. Azken finean, sekulako indarra dugu gure baitan, baina ez dakigu indar hori badugunik, eta ez dakigu indar hori baliatzen.

02_Kirmen Uribe_01Kirmen Uribe: Ez al da gure ahuldaderik handiena geure buruan ez sinestea, benetan euskarazko gizarte batean ez sinestea? Bai guk, euskaldunok, eta baita erakundeek ere. Askotan beldurrez jokatzen dugu, konplexuekin, eta konplexu horiek kanpotik ezarritakoak dira. Horixe gertatzen da komunitate zapalduetan: emakumeei gertatzen zaie, afro-amerikarrei, gay eta lesbianei… Halako beldurrak ezartzen zaizkie.

Iñaki Perurena: Uholde bat bezala etortzen zaizkigu beste gauza batzuk, eta horrek azpian irensten gaitu batzuetan.

Iñaki Mtz. De Luna: Askotan, konbentzimenduz eta militantziaz euskararen aldekoa izan arren, erdararen nagusitasuna hain da nabarmena, hainbat egoeratan ahul sentitzen zarela.

Amets Arzallus: Badaude norberaren pausoz kanpoko kaleak, baina norbere baitan badira beste kale batzuk, eta iruditzen zait euskararen baitan erdara gero eta espazio gehiago gehiago jaten ari dela. Batez ere esklamazio puntu bat eman behar diogunean esaldiari, edo enfasi puntu bat, edo indar bat, piper pixka bat bilatu hizkuntzari, maiz erdarazko esapideetara jotzen dugu, eta beharbada gero eta gehiago, gaztelaniaz zein frantsesez.

Martxelo Otamendi: Nire ustez, gure ahulgune nagusia da euskaldunen hazkunde portzentuala oso baxua dela eta oso astiro doala: %30 inguruan gaude orain, eta uste dut herri honetan behingoz egin behar dela plan bat Euskal Herri osoa berreuskalduntzeko, 25 urteko plana, erritmo desberdinekin, errealitate desberdinetara egokituta, nahi ditugun baldintza guztiekin, baina egin behar da plan sendo bat Euskal Herri osoa berreuskalduntzeko eta, 20 urteko epean, %30etik %80ra pasatzeko. Eta ez dago arrazoirik hori ez egiteko: dirua badago herri honetan, beste gauza batzuetan gastatzen baita.

Eñaut Elorrieta: Askotan euskara lotu izan da etengabeko ahaleginarekin, esfortzuarekin, hiltzera kondenatutako altxor batekin, eta ezin dugu hiltzen utzi… Iruditzen zait hortik ez dela oso erakargarria, beharbada betidanik euskaldunak garenontzat bai, baina jendea horretara erakartzea… Jendea hileta batera erakartzea ez zait erraza iruditzen.

Katixa Agirre: Uste dut batzuetan kexatiegiak garela. Gauza bat da kritikoa izatea zure egoerarekin, zure eskubideak aldarrikatzea, gogor jokatzea, baina beste gauza bat da kexatia izatea. Eta guk batzuetan nahastu egiten ditugu, eta negarrez ibiltzeko joera daukagu, ahul jokatzeko, azken batean. Kritikoak izateko eta aldarrikatzeko distantzia apur bat hartu behar dugu, perspektiba apur bat hartu, eta hortik indartsu jo.

Jose Luis Lizundia: Ez da bakarrik umeek euskara jakitea, askok baitakite egun D ereduan badabiltza, baina gero etxean, praxian, nahiz eta abertzaleak izan, erdara egiten bada, nik uste dut herri honetako euskal gizartea ahula dela neurri batean.

Iraia Iturregi: Kuadrillan zaudenean, eta bederatzi pertsonak euskaraz badakite, eta batek ez badaki, euskalduna izanda ere, azkenean erdaraz hitz egiten duzu. Hausnarketa bat eginez, pentsatzen duzu: bederatzi euskaldun izanda, batek euskaraz ez jakiteagatik, erdarara jotzen dugu, eta nik uste dut hori aldatu beharko litzatekeela.

03_Amets_Arzallus_01Amets Arzallus: Talde batean euskaraz ez dakien bat dagoenean, eta geu sei edo zazpi bagara euskaldunak, erdarara jotzea hari espazioa zabaltze aldera… Pentsatu izan dut euskaraz ez dakien horri gehiago ixten dizkiogula ateak, zabaldu baino, zeren eta kondenatua uzten baitugu gure hizkuntzaren espazioan ez sartzera.

Reyes Ilintxeta: Helduok batzuetan ez dugu horren natural egiten. “Bai, euskalduna naiz, euskaraz egin behar dut toki guztietan…” Ogia erostera joan eta berehala pentsatzen dugu “erdarara pasako naiz; badakit ez direla euskaldunak, zertarako euskaraz aritu?”. Horrelako aurreiritzi asko dugu, beldurra, nola begiratuko ote nauten, zer pentsatuko duten…

Mertxe Mugika: Topiko bat botako dut, baina kontsumitzaile moduan sarritan euskaraz ezin aritzeak ahul sentiarazten nau eta, gainera, amorruz ere bizi izaten dut hori. Eta batzuetan, nire esku egonik ere, erdara nahi baino gehiago erabiltzen dut egoerak edo ohiturak bultzatuta, eta uste dut horretan aldaketa bat eman beharko genukeela indibidualki zein kolektibo moduan.

04_Martxelo Otamendi_01Martxelo Otamendi: Euskaldun berriak ez dauka ezta iturri bat ere bere izenean herri honetan, ezta kalexka bat ere. Ez dut esango etorbide bat Bilbon edo Iruñean, baina euskaldun berriak ez dauka ezer. Eta nire ustez euskaldun berriaren figura errekonozitu egin behar da, asko direlako, lan handia egin dutelako, kasu batzuetan lana bukatu eta gero, familia utzita… hori aitortu egin behar da.

Iraia Iturregi: Nik uste dut kanpora goazenean jendeari erakutsi nahi diogula zein den gure herria, gure kultura, gure tradizioak… eta harro gaude. Eta etxean gaudenean, aldiz, ez dugu geure burua zaintzen.

Mursego: Gure erronka izan behar da, eta askok hala egiten dugu, edozein musika-estilo, nahiz eta kutsu amerikarra izan edo rock’n’rolla izan, Ameriketatik datorren kasua ipintzeagatik, uste dut gai izan behar garela edozein estilo euskaraz egiteko, eta egin ahal dugula.

Katixa Agirre: Kexatiak ez zaizkio inori gustatzen. Inori ez zaio gustatzen lagun kexatia, beti guztiaz kexaka ari dena. Zerbait ona izango da noizean behin, eta hori ere mahai gainean jarri behar da.

INDARGUNEAK

Dioni Agerre: Euskal Herria euskalduntzeko, euskaldunok dugu indar egin behar. Ez badugu guk egiten, nork eginen du gure ordez? Ahal hori dugunok behar dugu loratu, besteei irakatsiz, transmitituz, erakutsiz harro gaudela euskaraz hitz egiteaz eta xantza bat dugula. Besteak ahul sentitu behar dira gure ahal horren aitzinean, eta behar diegu ahal horren izateko enbeia piztu.

Iñaki Mtz. De Luna: Lehen gauza da gogoeta egitea: euskara eta geu, euskaldunok, zein egoeratan gauden eta ezer egin behar dugun euskara aurrera atera ahal izateko. Behin gogoeta eginda, oraindik euskaldun askok egin ez dutena, errazagoa zaigu non gauden jakitea eta, errealismotik abiatuta, erantzun ahal izatea.

Porrotx: Bizipoza da euskara, eta hori da bere ahal handiena: zoriontasuna.

Paxkal Indo: gure barneko indar horrez jabetuko bagina, barneko mugak ere hautsiko genituzke, eta bakoitzak duen sorkuntzarako gaitasuna baliatuko lituzke euskaraz. Eta bakoitzaren indar horrek interesgarria bilakatuko luke gizarte osoarentzat.

05_Reyes Ilintxeta_01Reyes Ilintxeta: Ez gara gutxiago eta ez gara gehiago. Gu hemengoak gara, hau da gure kultura, hau da gure hizkuntza, eta gauza asko daukagu munduari emateko. Hasteko, hori bera: gure izaera. Mundua puzzle handi bat da, kolorez betea, guk gure kolorea, gure ikuspuntua, gure izateko modua aportatzen ahal dugu.

Maider Unda: Beti pentsatu izan dut gauza bat erakargarria egiteko jolas bidez egin behar dela, jarduera bitartez eta gauzak atsegin eginez.

06_Kirmen Uribe_02Kirmen Uribe: Niretzat klabea da baikortasuna, duintasuna, eta klabea da pentsatzea euskalduntzen zarenean mundu eder batean sartzen zarela, zure mundua aberastu egiten dela, erabat. Euskalduna ez den batek gure munduko gauza asko galtzen ditu: ikuskizunak, idazten dena, konposatzen dena, musika, kultura… Eta euskarak daukan munduari begiratzeko modua ere ez dauka. Azkenean, euskalduna bazara, pixka bat gehiago bizi zara, mundu bat gehiago bizi duzu.

Martxelo Otamendi: Sedukzioa behar da, eta jende ilusionatzea. Lehen aipatu dudan plan orokor horretan sedukzio kolektibo bat sortu beharra dago.

Paxkal Indo: Definitiboki, denak artistak izan behar garela euskara erakargarriago izateko.

Amets Arzallus: Lehenengo urratsa iruditzen zait dela norbera ohartzea. Ohartzea eta onartzea ere bai, askotan zeure buruari tranpa eginez bizi baitzara, eta pentsatzen duzu: “Tira, nik nezakeena egiten dut eta nezakeen horrekin konforma ninteke, edo bestela, nezakeen horrekin, hizkuntzari bide pixka bat emateko eremua nondik zabaldu bila nezake, beharrezkoa duelako”.

Jose Luis Lizundia: Euskal Herriak euskararen herria esan nahi du, hizkuntzatik datorkio izena. Beste batzuk etniatik datoz, Frantzia edo Ingalaterra, esate baterako, beste batzuk ibai-izen batetik, hidronimo batetik, Uruguai, baina gure nazioaren izena hizkuntzatik dator, beraz, euskararik gabe, ezin izan daiteke Euskal Herririk.

Anaje Narbaiza: Hizkuntza bat opari bat da. Hizkuntza berri bat entzutea opari bat ematea da. Eta opari hor kontuan hartuta, hurbildu egiten gaitu. Pertsonen gertutasuna eta komunikazioa lantzeko, ezinbestekoa da komunikazio hori gertutik ezagutzea, eta hizkuntza horretarako tresna bat da. Guri euskarak erakutsi digu hizkuntzak duen balio komunikatiboa eta balio estrategikoa, ez edozein moduko enpresa aurrera ateratzeko. Pertsonak hurbildu eta komunikazioa hobetzen duen momentutik, errentagarritasuna edozein izanda ere, dena da ona. Beraz, ez dauka kalterik, dena da ona.

Katixa Agirre: Hori da euskaraz idazten dugunok daukagun abantaila bat. Ez dakit askotan aipatzen den, baina gure irakurle naturalak, itzulpenik ez badago, badakigu non dauden, oso gertu daude. Eta badaude mila bide irakurle horiekin harremanetan egoteko. Presenteago dituzu idazteko orduan, audientzia hori begira daukazu nolabait. Ardura handiagoa da, eta horrek on egiten dio idazketa-lanari.

Mursego: Nik uste dut euskaraz egin ahal dela dena, estilo guztiak, alor guztietan euskaraz bizi ahal garela.

Eñaut Elorrieta: Euskaldun izanda eta euskaraz bizita, bidaiatzen dudanean, asko erreparatzen diet noan lekuko hizkuntza minoritarioei, kulturari. Hizkuntza handien mendean bizi diren hainbat hizkuntza eta sorkuntzekiko begirada askoz zuzenagoa eta zorrotzagoa daukat. Uste dut asko aberasten duela horrek.

07_Pirritx, Porrotx eta Marimotots_01Marimotots: Nik bi munduak ezagutzen ditut, euskarazkoa eta erdarazkoa, eta ez dut esango bat bestea baino hobea dela, baina desberdinak dira, eta biekin bizitzea pribilegio bat da.

Iñaki Perurena: Balio digun zerbaiti helduta, oso erraz ez diogu uzten, helduta jarraitzen dugu, egoerarik zailenean ere.

Anaje Narbaiza: Ez dago opari hoberik euskara ikasitako batek norberak ikasitako euskara apur horrekin komunikatu ahal izatea baino. Begiak piztu egiten zaizkio pertsona horri.

Kirmen Uribe: Egin dezakegu geure bidea euskaratik mundura, Madriletik edo Parisetik pasatu gabe. Lehen horrela egiten zen eta ez da beharrezkoa.

Pirritx: euskaldunok badugu altxor bat, lurpean ezkutaturik, inongo irlatan ez dagoena, ezpainetan duguna eta partekatzean zabaltzen duguna. Maitasuna da, muxua da, euskara da. Hori euskaldunok bakarrik dugun altxorra da.

Porrotx: Euskara transmititzen duzunean, euskara jasotzen duzunean, zoriontasunera pauso bat ematen ari zara, bizipozera eta baloreetara: osasuna, natura, zientzia, kultura, elkartasuna, elkarrekin eskutik helduta… Horixe da euskara.

Marimotots: Esplikatuta, ez dute ulertuko, sentitu behar da, eta sentitzeko, pausoa eman behar da, eta euskararen mundua sartu. Sentitzen duzunean, orduan konturatuko zara, zeren kontatzen badizute hortik, ez baituzu sentitzen. Sentitu arte, ez duzu jakingo.

Paxkal Indo: Barne indarraren istorioa da hori: bakoitzaren baitan sentitu behar gara azkar gure kulturaz, gure hizkuntzaz, gure nahikeriaz eta gure geroaz. Hori lortzen badugu, indar bakoitzaren sumaz, lortuko dugu mundu osoa. Ez da gaurko gaia. Etxeparek jada erraten zuen: “Euskara, jalgi hadi mundura!”. Inprimatua izan den lehen liburuan jadanik hori idatzia zen, beraz, aspaldiko gaia da, baina uste dut ez dugula oraindik barneratuta.

Mertxe Mugika: Nik, zalantza barik, Korrika bera aipatuko nuke esperientzia kolektibo moduan. Korrikak berak indar metaketa egiteko duen gaitasun hori izugarria da: jendea, eragileak, instituzioak… Batzeko duen ahalmena izugarria da.

DURANGOKO AZOKA

Aurtengo Korrika 19k Durangoko Azoka omentzen du. Herri honen auzolanaren eta elkarlanaren lorpen handi bat da Durangoko Azoka, eta Korrika 19 ospatuko den 2015ean bertan beteko ditu 50 urte. Disko eta liburuen azokatik harago, euskaldunen eta kulturazaleen bilgune da Durangoko Azoka. Bihoakie, beraz, hemendik, AEKren eta Korrikaren omenaldi hau bere antolatzaileei.

Jon Irazabal: Momentu bateko erronka bat izan zen. Garai hartako 65ean euskal liburuak ez zeuden liburu-dendetan, eta hori kaleratzea iraultza bat izan zen. Bestalde, diktadura giro hartan, Azoka liburu-azoka baina zerbait gehiago zen. Oso momentu txarrak izan ditu Azokak, eta desagertzeko zorian egon da hainbat bider. Baina ekinez-ekinez, oso talde txiki baten ekinez, gaur egun oso handi ikusten da Azoka, baina lau katu ginen. Herri honetako edozein konturen moduan, AEK edo bestelako edozeinetan bezala, lau katu. Eta gaur egunera heldu gara. Gaur egungo Azoka eta hasierakoa ez dira berdinak. Azoka da mundu bizi bat, edozein pertsonaren moduan, bere 49 urteetan aldatzen joan da, eta aldakuntza horiek, normaltasun baten barruan, izan behar den moduan, sortu dute gaur egungo Azoka.

Jose Luis Lizundia: Guk ez daukagu hiriburu bakar bat kulturari dagokionez, eta 4-5 egunetan euskal kulturaren bilgune eta hiriburua da Durango.

Jon Irazabal: Indargunea zein den? Nahiz eta karteletan jarri Gerediaga Elkarteak antolatzen duela, liburu-azoka dela Euskal Herriak antolatzen duen ekitaldi bat. Elkarte batek huts egiten badu ere, beti egongo da norbait aurrera jarraitzeko. Durangon? Bergaran? Hondarribian? Hendaian? Ez dakit, baina zentzu horretan, herrikoitasun hori da daukan indarrik handiena. Eta hori ezin du ez Gobernu batek ez inork gelditu. Zein erronka? Erronka da herri honek berriro sinetsi behar duela Azoka, AEK eta hainbat eta hainbat ekimenen beharrizana duela, eta hori euren esku dagoela, ez dagoela Udal baten edo Foru Aldundi baten eskuetan. Hori dagoela, orain arte egin den bezala, Euskarazko egunkariak argitaratu diren bezala, jendearen eguneroko lanean, eguneroko inplikazioan eta eguneroko militantzian, lanean eta ekonomikoki.

Jose Luis Lizundia: Korrikak, alfabetatzeak, euskalduntzeak eta hasiera-hasieratik horren ardura izan dutenak, Rikardo Arregitik hasi eta gaur egunekora arte, irakasleek arduradunek… uste dut guztiek hartu izan dutela Durangoko Azoka faro bezala. Eta guretzat, Gerediagatarrontzat, ohore bat da, eta eskertzekoa, Korrika horrekin konturatzea eta guri aitormen hori ematea.

EUSKAHALDUN

Dioni Agerre: Euskahalduna da euskaraz hitz egiteko ahala dugula kontziente izatea.

Martxelo Otamendi: Notaritzan ahalmena ematen denean bezala, abokatuak gauzak egin ditzan, kasu honetan zuk zeure buruari ematea ahalmena gauzak egiteko, gauzak egin ahal izatea. Uste dut oso ondo ekarritako leloa dela aurtengoa.

08_Kirmen Uribe_03Kirmen Uribe: Euskahaldun izatea da euskalduna izatea zorte handia dela sentitzea. Halako hizkuntza txiki bat, milaka urtean bizirik iraun duena.

09_Iñaki Martinez de Luna_01Iñaki Mtz. De Luna: Normalean gertatzen dena da egoera gutxituan dagoen edozein giza taldek gutxitu gisa jokatzen duela. Eta, hain zuzen, ahalduntzea da gutxitu izateari utzi nahi izatea, hortik ateratzea.

10_Iñaki_Perurena_01Iñaki Perurena: Nahi baduzu, beharbada, ahal duzu; nahi ez baduzu, ezinezkoa.

11_Jose Angel Iribar_01Jose Angel Iribar: Niri euskahaldun hitzak nortasunaren irudia ematen dit. Eta oso garrantzitsua iruditzen zait euskara edozein arlotan erabiltzeko gai garela pentsatzea.

Maider Unda: Euskahalduna horixe da, transmititzeko gaitasuna duena.

Mertxe Mugika: Euskaraz bizi dena, euskaraz bizitzeko ahalegin guztia egiten duen pertsona hori da euskahalduna.

12_Paxkal Indo_02Paxkal Indo: Demagun, Iparraldean euskara ez da ofiziala, baina nor da gai niri errateko nire hizkuntza nire lurraldean ez dela ofiziala? Bihar erabakiko dut, ez… Orain! Tenore honetan erabakitzen dut: euskara ofiziala da, euskahalduntzen naiz. Azken finean, erabakia hartzea da. Erabakigarriak izan behar dira gure nahikeria guztiak.

13_Anaje Narbaiza_01Anaje Narbaiza: Niretzat euskahalduntzea dator geuk, euskaldunok, euskaraz egitetik edozein pertsonari, aurreiritzirik gabe.

Eñauit Elorrieta: Euskaraz aritzeko kontzientzia hori hartzea eta boterea hartzea, ausartzea eta konplexuak alde batera uztea.

14_Amets_Arzallus_02Amets Arzallus: Irakurri izan dut “H” letra dela gure hizkuntzak bere baitan duen arnasaren marka bat. Euskahaldun hitzak, bere H azpimarratu eta guzti, uste dut arnasa bi aldiz hartzen duen euskaldun bat dela, eta euskarari berari ere bi aldiz hauspo ematen dion euskalduna. Dagoen lekuan eta mintzo den lekuan, beti hizkuntzaren begietatik, bai zauriaren begietatik, baina baita irribarrearen begietatik ere, begiratzen diona hizkuntzari eta hizkuntzaren egoerari, eta hari arnasa eman, hauspoa eman eta leihoak zabaltzen ahalegintzen den pertsona.

Eñaut Elorrieta: Iruditzen zait euskaldunok oso herri akonplejatua garela eta pixka bat enpoderatu egin behar garela, botere hori hartu eta ausartu, eta naturaltasunez gure hizkuntzan hitz egin.

15_Kirmen Uribe_04Kirmen Uribe: Guk beldur horiek kendu behar ditugu eta konplexurik gabe jokatu. Hara: euskaldunak gara, gauza onak egiten ditugu euskaraz, hizkuntza ederra daukagu, kultura indartsua daukagu… Hori erakutsi eta horretan sinetsi.

Reyes Ilintxeta: Jendea ilusionatu, erakarri eta ikus dezatela euskaraz bizi daitekeela eta, gainera, mundu berriak zabaltzen zaizkizula, hamaika gauza: literatura, musika, jendea, harremanak, lagunartea, komunikabideak… Mundua ulertzeko beste bide bat da. Beste bide bat gehiago, euskaraz, eta oso aberatsa.

Dioni Agerre: Edozein gisaz nahi badugu Euskal Herria euskararen herria bilakatzea, horrela pasatu behar dela: multzo txikietatik hunkitu behar dugula gero eta jende gehiago.

Iñaki Perurena: nire ustez, hizkuntza bat tresna bat da, leiho bat da, mundu baterako pasabidea.

Mertxe Mugika: Aukera asko daude batzeko,eta indar horiek guztiak batuz gero, uste dut Euskal Herria euskaratik bizitzeko aukera asko dagoela

Martxelo Otamendi: Nik badaukat itxaropena. Uste dut gure egoera politiko berrian, lortzen badugu euskarari zentraltasuna ematea, hor zalantza daukat, baina euskarari zentraltasuna emanez gero, aterako dugula uste dut. Eta orain arte baino bizkorrago ibiliko garela, eta sendoago ere bai.

Eñaut Elorrieta: Uste dut erabakia dela, eta sinestea. Besterik gabe: bagara eta egin dezagun.

Pirritx: Euskara arnasa da, euskara oxigenoa da eta euskarara hurbiltzen bazara, oxigeno gehiagorekin arnastuko duzu, eta osoago eta osasuntsuago sentituko zara

Porrotx: Nik esango nuke gure txikitasunean itsasargi bat garela, Europan eta munduan. Eta gu bezalako hizkuntzak eta herri txikiak, gurekin batera. Txikitasunetik egingo dugu koloretako mundu bat. Aupa euskara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*