Leire Etcheverryk eta Julen Etxebarriak irabazi dute III. 100 HITZ Literatura lehiaketa

Hirugarren urtez jarraian antolatu du Plazara Goazek 100 HITZ Literatura lehiaketa. Epaimahaia Iratxe Retolaza eta Xabier Etxanizek osatu dute.Aurtengoan, 70 lan aurkeztu dira, eta hauek dira irabazleak:

100_Literatura_logoa_011. saria: Leire Etcheverry Martinezek aurkeztutako “Gure azken hitzak” lanak irabazi du, arrazoi hauengatik:

Batasunari eta erritmoari oreka handiz eusten dio narrazioak, eta gainera, giro eta tonu pertsonala sortzeko gaitasuna izan du. Zentzua eraikitzeko baliabide aproposak erabili ditu: errepikapenak eta irudien arteko loturak. Bada ere ideia eder askorik: “zuk zure bizitza bizi / ni gurea ahaztu”

Hemen dugu irabazlearen testua:

GURE AZKEN HITZAK

Zerua ilun, lainoak urrun, begiak zurrun… Ez dut ezer argi ikusten. Udaberria atzeratu egin da, eguzkia itzali, loreak itxi. Txoriak isilik daude, biharko eguna desagertu eta atzokoa ahazmenaren munduan sartu balitz bezala. Lehengo kolore biziko mundua txuri beltzean ikusten dut orain, munduko kolorea azken ortzadarrak xurgatu eta harekin desagertu balitz bezala.

Baina zer egingo dut, gurea bukatu bada? Zer egingo dut nire albotik joan bazara? Mundu ilun honetan geratuko naiz? Bakarrik? Zuk zure bizitza bizi bitartean ni gurea ahazten saiatuko naiz.

Baina lasai, joan zaitez, ahaztu nitaz, nik beti gogoan izango zaitut, eta gure txokoan egongo naiz.

Leirek 100 euroko bonoa irabazi du, Intxaurrondoko edozein dendatan erosteko, baita Gaztezulo aldizkariaren urteko harpidetza ere

2. saria Julen Etxebarriaren “Idunekoa” lanak irabazi du, arrazoi hauengatik:

Sinbolo baten inguruan narrazioa eraikitzeko gaitasuna erakutsi du, eta baita marko narratibo bat sortzeko gaitasuna ere.

Hemen dugu bigarrenaren lana:

Idunekoa

-Iduneko bat!- Egin zuen oihu Felixek presaka lepotik zintzilikatzen zuen bitartean.

Handik aurrera bizitza aldatu zitzaion. Diruz betetako maleta bat aurkitu zuen, kirol talde handiek fitxatu nahi zuten, jende ospetsua ezagutzen hasi zen, gelditu gabe bidaiatzen… eta bat-batean lagunik ez zuela konturatu zen. Bakarrik zegoen. Iduneko madarikatuak bizitza zoriontsua zapuztu zion.

Auzora itzuli, lagunekin hitz egin eta beraiekin buelta zitekeen galdetu zien.

-Noski! Gure laguna zara! Betiko Felix adiskidea!- Erantzun zioten.

Idunekoa lepotik kenduta ibaira bota zuen. Inork ez daki non dagoen, Felixek izan ezik. Noizean behin, lepokoa berriz jartzeko tentazioa izaten du, baina nahiago izaten du lagunei deitzea.

Julenek 80 euroko bonoa eta Gaztezulo aldizkariaren urteko harpidetza irabazi ditu.

Ekainaren 13an, 17:00etan, jasoko dute saria, Intxaurrondo Kultur Etxean, Izarrak Plazara talentu lehiaketaren finalaren barruan.

Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordeak eta Donostia Kulturak hirugarren urtez jarraian antolatu dute 100 Hitz Literatura lehiaketa. Bertan, 18 urtetik beherako ikasleek har dezakete parte, eta, baldintza bakarra, 100 hitz dituen testua idaztea da.

Lehiaketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak, Bagera Donostiako Euskaldunon Elkarteak, Irutxuloko Hitzak eta Gaztezulo aldizkariak lagunduta antolatzen da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*