Irri anitzen koloren festa (2015-12-27)

Irrien Laguneko Piratek eta Banaiz Bagara elkarteak elkarlanean festa bat antolatu dute igande honetakora Intxaurrondo Kultur Etxean, eta horren berri ematea eskatu digute.

IRRI ANITZEN KOLORE FESTAren bidez jatorri ezberdinetako haurrak eta familiak, hemengoak eta beste herrialdetatik gurera etorritakoak, elkarrekin gehiago ezagutzea eta Gabonetako oporretan elkarrekin ondo pasatzeko aukera eman nahi diete.

Banaiz Bagara elkartea sortu zen gure gizartean jatorri ezberdinetako pertsonen artean euskaraz bizitzeko aukera gehiago sortzeko. Jatorri ezberdinetako gurasoak eta familiak askotan kalean edo eskolako atetan elkar ikusten gara baina ez dugu elkarrekin harreman handirik. Euskarazko aisialdia eskaintza askotan beste herrialdeetatik etorritako familientzat ere oso urrun geratzen da. Horregatik, distantzia horiek gainditzeko, festa honetara, bertako familiekin batera bereziki etorkin elkarte eta etorkin komunitateak gonbidatu nahi dituzte, irriak, kantuak eta dantzak konpartitzeko. Besteak beste, Gurutze Gorriaren Amen JAIALDIA IRUDIAEuskara taldeak, Nepaldar komunitateak, Errumaniar Ijituen Elkarteak eta beste elkarte gehiagok parte hartuko dute, Gipuzkoako beste familia eta lagun askok ere, bertakoak eta kanpokoak.

Plazara Goaz ere gonbidatu dute bertan parte hartzera eta piratekin batera oholtzan dantzatu eta abestera. Horregatik, haurrak dituzuenetakoren batek aukera baliatu nahi badu, jarri gurekin harremanetan.

Festa honen sarrera pertsona guztientzat eskuragarri egiteko, prezioa 3€tan jarri dute (haurrentzat 2€ (2 urtetik 11 urtera), hirugarren haurretik aurrera doan). Hala ere, prezio hori ere ordaindu ezin duenek parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, Elkartasun erosketa egiteko aukera emango dute. Hau da, sarrera ordaindu ezin duenarentzat beste sarrera bat erosi ahal izango da festaren egunean bertan leihatilan. Gainontzeko sarrerak www.donostiakultura.com webgunean egongo dira salgai.

Irri Anitzen Kolore Festan ikusiko garelakoan, eskertuko dizuegu zuek ere informazioa hedatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*